Maruri-Jataben, 2022ko zemendiak 13a.
Orain 40 urte, gaurko egunez gorpuztu zan hiru aste lehenago hasitako bidaia musikala. Izan bere, egun harexetan erabaki eben gurasoek, irakaslearen gomendioz, niri lehenengo soinu txikia erostea, eta orduantxe hasi zan nire gaurdainoko istorio hau.
1982ko irailaren amaiera aldera izango zan, aittegaz batera, lehenengoz Andrakara parajetu nintzena. Bertan, ni kotxean nengoala, Rufino eta nire aita berbetan entzun nebazan taberna aurrean. “Itxaroizue San Frantzizkoak pasau arte eta etorri gura dozuenean” esanda amaitu eban Rufinok berbaldia. Handik hamabost bat egunera izan zan nire lehenengo klasea, eta klasean egindakoa etxean landu ahal izateko “hauspo eskasdun” soinu zahartxu bat itxi eustan Rufinok. Ordurako soinu handia joten bost bat urte eroan arren, gogo itzelez oratu neutsan soinu txikerrari. Eta, ezustean, hilabete baino lehenago, hortxe abiatu ginan aitaren “dos caballos” furgonetan, lehenengo Andrakara Rufinoren bila eta bertatik Zarautzera, soinu barria erosten. Ni atzekaldean, pozik, baina halango baten, Zornotzako semaforoan lotuta gengozala, hor lehenengo ezustea: Ez ginduzan, ba, atzeko kotxeak jo! Hor hasi zan agertzen nire urduritasuna; belu ailegatuko ginala eta, erdi-negarrez hasi nintzan ni, 13 urteko mutil bardingoa. Baina atoan poza atzera bere! Hor goaz aurrera! Egia esateko, ez dot asko gehiagorik gogoratzen, Rufino eta aita berbetan, ezer gitxi gehiago.
Handik bueltan, soinu barria jo eta jo etorri nintzan bide osoan, eta gogoan daukat Rufinok atzamarragaz seinalatu eta esan ebana: “Haor dekok, honek urtengo jok!”.
Hortik aurrera neure soinua erabilten neban beti. Asteroko bueltatxua Andrakara, Rufinorenean egindakoa buruz ikasten ahalegindu, eta arin baten etxera, klasean egindakoa gogoratzeko. Handik eta gitxira, zer eta lehenengo saioa! Ezustean edo pentsau baino arinago etorri ziren. 13 urteko gazte batentzat gauza handia zan bi belaunaldi nagusiago ziranakaz plazarik plaza ibiltea, gerora bidelagun izango neban Kepa tartean zala. Lehenengoa, Gatikako San Markoetan eta handik aurrera erreskadan etorri ziran: Mungiako San Pedroak, Urdulizko “arbú” eguna, Gorlizko Santiagoak, Sestaoko San Inazio eguna, Gorlizko Andra Mariak, Jatabeko San Lorentzoak (argazkiak), Gatikako San Bartolomeak, Bilboko Aste Nagusia (B.D.B.), Zierbenako La Cuesta auzokoa, Larrabasterrako jaiak, Sopelako udatiarren eguna eta burmuinean betirako barru-barruraino sartuta geratuko jatan Iurretako musikari nagusien eguna, urriaren lehenengo domekaz, gure musikaren iraganagaz topo egin genduanekoa, eta beste hainbat…
Eta ordutik hona? Ibilbide luzea, esperientziaz betea!!!
Horixe da 40/04! 40 urte soinu txikerraren munduan murgilduta, 4 belaunaldi bidelagun.
Hemen izango dozue horren barri, 40 doinuren bidez, eta tartean hamaikatxu pasadizo, bidelagun eta istorio xume.
Roberto Etxebarria Goikoetxea