40/04

Maruri-Jataben, 2022ko zemendiak 13a.

 

Orain 40 urte, gaurko egunez gorpuztu zan hiru aste lehenago hasitako bidaia musikala. Izan bere, egun harexetan erabaki eben gurasoek, irakaslearen gomendioz, niri lehenengo soinu txikia erostea, eta orduantxe hasi zan nire gaurdainoko istorio hau.

 

1982ko irailaren amaiera aldera izango zan, aittegaz batera, lehenengoz Andrakara parajetu nintzena. Bertan, ni kotxean nengoala, Rufino eta nire aita berbetan entzun nebazan taberna aurrean. “Itxaroizue San Frantzizkoak pasau arte eta etorri gura dozuenean” esanda amaitu eban Rufinok berbaldia. Handik hamabost bat egunera izan zan nire lehenengo klasea, eta klasean egindakoa etxean landu ahal izateko “hauspo eskasdun” soinu zahartxu bat itxi eustan Rufinok. Ordurako soinu handia joten bost bat urte eroan arren, gogo itzelez oratu neutsan soinu txikerrari. Eta, ezustean, hilabete baino lehenago, hortxe abiatu ginan aitaren “dos caballos” furgonetan, lehenengo Andrakara Rufinoren bila eta bertatik Zarautzera, soinu barria erosten. Ni atzekaldean, pozik, baina halango baten, Zornotzako semaforoan lotuta gengozala, hor lehenengo ezustea: Ez ginduzan, ba, atzeko kotxeak jo! Hor hasi zan agertzen nire urduritasuna; belu ailegatuko ginala eta, erdi-negarrez hasi nintzan ni, 13 urteko mutil bardingoa. Baina atoan poza atzera bere! Hor goaz aurrera! Egia esateko, ez dot asko gehiagorik gogoratzen, Rufino eta aita berbetan, ezer gitxi gehiago.
Handik bueltan, soinu barria jo eta jo etorri nintzan bide osoan, eta gogoan daukat Rufinok atzamarragaz seinalatu eta esan ebana: “Haor dekok, honek urtengo jok!”.

 

Hortik aurrera neure soinua erabilten neban beti. Asteroko bueltatxua Andrakara, Rufinorenean egindakoa buruz ikasten ahalegindu, eta arin baten etxera, klasean egindakoa gogoratzeko. Handik eta gitxira, zer eta lehenengo saioa! Ezustean edo pentsau baino arinago etorri ziren. 13 urteko gazte batentzat gauza handia zan bi belaunaldi nagusiago ziranakaz plazarik plaza ibiltea, gerora bidelagun izango neban Kepa tartean zala. Lehenengoa, Gatikako San Markoetan eta handik aurrera erreskadan etorri ziran: Mungiako San Pedroak, Urdulizko “arbú” eguna, Gorlizko Santiagoak, Sestaoko San Inazio eguna, Gorlizko Andra Mariak, Jatabeko San Lorentzoak (argazkiak), Gatikako San Bartolomeak, Bilboko Aste Nagusia (B.D.B.), Zierbenako La Cuesta auzokoa, Larrabasterrako jaiak, Sopelako udatiarren eguna eta burmuinean betirako barru-barruraino sartuta geratuko jatan Iurretako musikari nagusien eguna, urriaren lehenengo domekaz, gure musikaren iraganagaz topo egin genduanekoa, eta beste hainbat…
Eta ordutik hona? Ibilbide luzea, esperientziaz betea!!!

 

Horixe da 40/04! 40 urte soinu txikerraren munduan murgilduta, 4 belaunaldi bidelagun.

 

Hemen izango dozue horren barri, 40 doinuren bidez, eta tartean hamaikatxu pasadizo, bidelagun eta istorio xume.

 

Roberto Etxebarria Goikoetxea

O1/40

40/04 proiektuaren lehenengo argitalpena; zer modu hobea hasteko, nire lehenengo soinua izan zena eta nire trikiti ibilbideko bidelagunik garrantzitsuenarekin baino.

O2/40

Hasiera batean zalantza eduki arren zein pieza mota eskaini Rufino Arrola nire maisua izan zenari, eta agian jota bat egokitzen bazitzaion ere, bere errepertoriotik kanpo zegoen fandango bat eskeintzea erabaki dut. Etorriko dira aurrerantzean, pieza gehiago eskaintzeko aukerak ere, zelan ez!
Igarotako berrogei urte hauek, Rufinoren handitasuna eta mailaren garrantzia areagotzeko baliogarriak izan dira. Eskerrik asko MAISU, hementxe zuretzat “Mailu hotsa” fandangoa.

O3/40

Mailu hotsa fandangoaren haritik dator Ingudea arin-arina. Orain berrogei urte jasotako irakaspen, eredu eta aukerak gaur eguneko ikuspuntutik emozioz azaleratzeko asmoz pieza hau zuretzat, Rufino Arrola! Zugaz hasitako bideak darrai!

O4/40

Rufinoren haria jarraituz, beragaz ikasitako lehenengo pieza zuenganatzearekin batera, ezin ahaztu orduko ikaskideak. Aurretik ezagunak izan daikezuezan arren, hementxe aurkezten dautsuedaz Imanol Arrrola Beaskoetxea eta Euken Arrola Zarrabeitia. Imanolegaz gitxi koinziditu baneban bere, ezagutzen neban Txilibrin eta beste lagun batzuekaz batera egiten ari zan bidea. Ostera Eukenegaz, urte gogoangarri pare bat igaro neban bere aittitte Rufino eta lagunen konpainian alde batetik bestera. Ezin utzi beraz, inondik inora beraien testigantza lan honetatik aparte, trikiti garai haretan beraien partaidetza esanguratsua izan zalako. Gatika, Mañu, Gorliz, Sestao, Jatabe, Bilbo, Zierbenako “La Cuesta “ auzoa, Iurretako musikari nagusien jaialdia eta beste hainbat plaza, kalejira eta eszenatoki desberdin etorriko ziran bat-batean 13-14 urteko gaztetxo haien pizgarri eta pozgarri. Gu baino 25 urte nagusiagokoak ziranetik hasi eta ia 60 urterainoko adin tartea eben musikari-maisuen ondoan ekin geuntson ibilbideari, Rufino, Eusebio eta belaunaldien begi-zubi módúan egiten zuen Kepa Arrizabalaga panderojolearen babesean. Grabaketa honetan, panderoan nire azken urteetako lagunak ere: Idoia Markaida eta Miren Etxebarria alaba. Hementxe beraz zuontzako, “Hasikerako Martxea” bezala izendatu dodan piezea! Gonbidatu nagusiak: Imanol Arrola Beaskoetxea eta Euken Arrola Zarrabeitia.

O5/40

Ezin izan beste modu batean; Imanol Arrola Beaskoetxearen partaidetza barik ez luke zentzurik eukiko erronka honek osotasunean. Ez gendun askorik kointziditu, ni sartzerakoan bera beste bide baten bila atera zen eta. Rufino maisuaren ondotik urten ondoren, Silvestre Elezkano “Txilibrin” bezalako beste maisu baten eta beste hainbat lagunen ondoan egin zuen bide luze eta oparoa. Sarritan aipatuko eban Rufino maisuak Imanolek jasotako errepertorio eta estiloa; Imanol entzuterakoan Rufino beraren ispilua ikusten genuen. Hainbat urtetan elkar ikusi barik igaro arren, eskertzea baino ez daukat Imanolen eskuzabaltasuna 40/04 proiektu honetan. Eta ez dot modu hoberik ikusten orain berrogei urte baino gehiagoko bidaian izan genduzan maisu, kide eta adibide bihurtu ziren lagunak oroitzea baino. Eskerrik asko Imanol!

O6/40

Zorionekoa ni, garai haretan nerabetasunean murgiltzen nindoalarik, soinu txikerraren mundu txiki haretan adin bereko edo hurbileko kide bat ondoan izateagatik. Euken Arrola Zarrabeitia zan, eta da berau, edozertarako irribarre batez eta baikortasuna airez aire zabaltzen duen pertsona. Kepa Arrizabalagaren besapean hartu gendun babesa, bere aittitte Rufinoren begirada bihurriak zaintzen gintuen bitartean eta Eusebitoren konplizidade gozoak inguratzen gintuelarik. Tarte asko emoten euskuen gure maisuek, soinua jotetik aparte olgetako eta bihurrikerietarako denpora asko izaten genduelarik; gure saioak ez ziren batere luze ez aspergarri suertatzen. Batzuetan etxerako itzulera konplikatzen zan, Keparen Dyane-6ak geltoki batzutan gelditzeko ohitura eukan eta. Orduantxe egiten zitzaigun akaso luzetxoago, kotxeko atzekaldea “ring” txiki bat bihurtzen zelarik. Eta halantxe, zoriontasunean joaten ziran gure saioak eta saio osteak, eta holaxe joan dira urteak, bakoitza bere bidetik, elkar asko ikusi gabe baina aukera egon den bakoitzean aspaldiko konplizidadea berreskuratuz. Beraz gehiago luzatu gabe, mila esker Euken!

O7/40

0 urte inguru igaro ostean, batzuetan dudak sortzen jataz benetan holan izango zan edo nahigabe idealizatzen dodan oroimen goxo bat den. 13-14 urteko gazte batentzat buruak gehienetan ez du uzten bizitzen ari garen horren benetako balioa ikusten, baina poza ematen du norberagaz ibilitako lagunei aipatu eta aldi berean oroitzapen haiekin bat etortzea. Hala da, bai; Euken Arrola eta Imanol Arrolari aipatu baino ez eta bapatean: “Egia da, holantxe da, zelako esperientzia ordukoa!” Bertan suertatzen ginenean, gehienetan zapatu iluntze eta domeka eguerdi aldera hantxe agertzen ziran gure gaurko lagunak, tipi-tapa kotxetik jeitsi (Citroen GS Break, oker ez banago) eta berehala nahaspila gertatuko zen Rufinonean. Batetik barreak, bestetik irrintziak eta abar gertatuko ziran. Ardaotxo bat eta berehala, Rufinoren soinuaren eztanda eta Jesus eta Agustinen panderoaren zaparrada etorriko zen, zelan ez eskuak busti eta ondo igurtzi ondoren. Eta noizbehinka handik zebiltzan gaztetxoen aukera beraiekaz jotzeko eta bide batez plazara egokitzen joateko aukera interesgarria. Jesus eta Agustinen panderoak bularretik urrun eta esku bizkorrez lagunduko zuten egokitzen zitzaien doinua, zelan ez beraien joaldia zenbait koplaz jantzirik: “en el cielo manda Dios”, “kortako gurdi zaharra”, “alperra beti dago”, “abadea, abadea” edota “semea nora zoaz”! Eta horrela igaroko ziran behintzat nire kasuan bi edo hiru urte, beraien ekitaldiekin eta gizatasunarekin hezten eta ibilbide bat borobiltzen. Sasoi haien oroitzapenekin besterik ezean nozbehinka lokartuz, amestuz eta esnatuz; gogoan ditugun artean, bizirik dirautelako! Bideo hau beraz, Jesus Zunzunegi eta Agustin Zunzunegi anaien omenez! Eta zelan ez, beraien familia eta hurbilekoen oroigarri. Mila esker Iñaki Zunzunegi eta Maite Zunzunegiri zuon laguntzagaitik!

O8/40

Duela hamar bat urte hasitako eskusoinu (soinu txikerra, farrea, ileda-bikoa, filarmonika, edo trikitixa) bildumaren zatitxo bat duzue honako hau. Bilketa honen ardatza edota asmo bakarra, gaur egun ezagutzen ditugun musikatresna ereduen aurrekariak eta mota desberdinak erakustea da. Batek daki gure ingurura iritsi zen lehenengo eskusoinua zelakoa izan ote zen! Eta…momentuz, ez diogu ekingo gurera sartzeko egindako bideari (baliteke ibilbide bat baino gehiago egin izana). Ziurrenik, lehenengo melodeoiak izango ziren (eskuman lerro bakarra eta baxu bi ezkerrean); hurrengoak gaur egun ezagutzen dugunaren antza izango zuen (21 botoi lerro bitan eskuman eta 8 baxu ezkerrean). Eta hortik aurrera gaur eguneko modelora jauzia: 23 botoi eskuman eta 12 botoi ezkerrean. Seguruenik beste eredu batzuk ere izango ziren, hiru lerro eta baxu gehiagokoak ere, adibidez. Baliteke! Lan honetarako ezinbesteko argibide eta laguntza izan dot, orain gitxi gure artetik joan zaigun Aingeru Berguices Jausororen “Trikitixa (farrea) y acordeón en Busturialdea”, eta “Inicio y éxito del acordeón en Euskal Herria: El baile de La Casilla de Bilbao, cuna de su expansión” lanei esker. Hementxe beraz nire omenalditxo hau Aingerurentzat! Besterik gabe, hauxe dozue, bilduma xume baten lehenengo atala, bilduma osoko hainbat irudi, diska-azal eta abarrez lagundurik.

O9/40

Berezia izan zen 1983-1987 urte bitarteko tartea; gauzak azkar gertatzen ziren 14-15 urteko gazte baten aurrean. Molde tradizionaletik abiatu, bertan trebatu, eta berrietarako trena zetorrela ikusita ez zen egon “bai ala ez” pentsatzen geratzeko denborarik. 1983ko Aste Nagusiaren barruan izango zen oker ez banago; Euskal Dantzarien Biltzarrak Santiago plazan antolatutako erromerietan egingo nuen topo lehenengoz Kepa Junkerarekin. Bertan, egun horretan hainbat trikitilari zahar eta gazte bildu ginen, Tiliño, Iñaki Irigoien eta Jon Pertika antolatzaileen aginduetara. Gerora, urte berean Iurretako San Migel jaien harira antolatutako herri musikarien jaialdian berriro suertatuko nintzen Keparekin. Eta zelan ez, Bilbo handitik ezustean zetorren trikiti-giro uholdearen beste partaide batzuekin: Iñaki Zabaleta,Jose Mari Santiago “Motriko”, Ramos anaiak etab…! Handik gutxira, 1984an Gatikako San Marko jaietan erromeria eskeiniko zuten Kepa, Zabaleta eta “Motriko”k. Eguraldi txarra zela eta altabozak eta abar furgonetara bildu eta “Mirabilla” jatetxean eskeiniko zuten saioa. Betiko doinuetatik aparte modan zeuden kantuak iristen ziren gazte honen belarrira, “Sarri, Sarri”, adibidez. Urte berean Gatikako Butroi auzoko Madalena jaietan ere erromeria eskeiniko zuten. Hori “informazio” piloa trikitixaren munduan murgiltzen hasia zen gazte batentzako! Zur eta lur Bilbotik zetorren trikiti arnas eta joera berri haien aurrean. 1985ko urtarrilean joko nuen berarengana ilusioz eta emozioz beteriko asteroko hitzorduan, Errekalde auzoko Goya 7.ean. Berehala igaroko zen urte eta erdi pasatxo, eta ilusioak eta ametsak apurka-apurka gorpuzten joango ziren. Saioen bidez ikasitakoaz baliatuz egingo nuen aurrera, eta Rufino Arrola eta Kepa Junkerarengandik jasotakoa nire ekarpenekin osatuz. Mila esker Kepa!

10/40

Eta horrela igaro ziren urteak, soinu txikiaren molde, teknika eta errepertorio berriak ikasten eta zelan ez ateratzen ziren saioetan ikasgai guzti horiek ontzeko eta trebatzeko aprobetxatzen. Beste alor batean ere eragingo zidan Kepa Junkerak; sormenean, hain zuzen ere. Ausardiaz gainezka, nire lehenengo sorkuntzak aireratzen hasiko nintzen; fandango edo biribilketa xumeak batetik, kantu-liburuetatik letrak hartu eta doinuak eransten bestetik edota kantu ezagunak nire soinu txikiaren botoietara ekarriz. Gustora hartuko nituen bere ordez egindako edota berarekin batera egindako saio batzuk ere: Igorreko gazte koadrilarekin egindako poteoak eta bazkariak edota trikiti erakustaldi batzuetara joaz adibidez…! Gerora, bideak bananduko ziren, gaizki ulerturen bat tarteko agian, handik eta urte batzuetara konpondua geratu bazen ere. Ezin ukatu Kepa Junkeraren eragina nire ibilbidean, teknika aldetik jasotakoa, sormen aldetik eragindakoa eta noski, bere irakasle ibilbidearen zatitxo baten parte izanaren harrotasuna. Mila esker berriro ere Kepa!

11/40

Ezinbesteko erritmoa dugu baltseoa deritzona trikitilarion errepertorioan; “agarraua”batzuk, edota Anjel Lertxundik “Letrak kale kantoitik” liburuan bilduta duen moduan, “lapa-dantza” esango diote beste batzuk. Beste moduren bat ere izango da seguruenik dantza mota hau adierazteko, “dultzemeneoa” kasurako. Zergaitik “Aritxiberreko jolasa”? Kepa Arrizabalagak aspaldi esango zidan bezala; Gatikako Butroi auzoan Aritxiberre baserri inguruan bere egiten omen zan domeketako jolasa, batzuetan Luis Bilbao “Solturekoa”, besteetan Rufino Arrola izaten zirelarik plazaren jabe. Denporan atzera egin eta gustora ikusiko nuke garai haretako dantzaldi baten nondik norakoa, baina ez dugu beste aukerarik hori irudikatzea baino, izan zitekeen dantzaldi hori imajinatuz. Zer modu hoberik, orduko dantzari, musikari eta zaletuei omenalditxo bat egitea baino. Musikarik gabe dantzarik ez dago eta dantzaririk gabe gure doinuak ez dira osatuak suertatzen. Hementxe beraz ikus-entzule, entzunez eta dantzatuz goza dezazula bals hau: ARITXIBERREKO JOLASA!

12/40

Soinua (trikitixa) eta panderoa edo panderoa eta soinua, biak ala biak edo bata edo bestea bakarlari. Garai batean soinularia panderojole bila hasiko zen erromeria hastear, bere musika-tresnaren osagarri bilakatuz eta bidebatez, baliteke panderojolearen gatz eta piperraren bila. Batzuei soinua (trikitixa) panderorik gabe ulertezina irudituko zaie, beste batzuek, ordea, panderoa ahotsaren laguntza bakarrarekin entzutea urruneko gauza bezala ikusiko dute seguruenik. Gaur eguneko moda eta ohituretatik urrun, ez ohiko, arrotz eta lekuz kanpo sarritan, edota beste herrialde batzuetako kopia soil bat besterik ez balitz bezala. Nork dio ez dela posible atzera begiratu, geratzen zaizkigun ondare adibide gutxi hoiek berreskuratu eta behar izanez gero eguneratu, eta arnas berriz aurrera egiteak ez duela merezi… *Esker bereziak Ainara Arrizabalaga, Idoia Markaida, Irati Enzunza, Julene Otegi eta Miren Ibarluzea zuen prestutasun eta laguntzagaitik!